GAZTE EKOLIDERRAK proiektuaren helburu nagusia Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea da. Proiektu hau Kutxak garapen jasangarriaren alde eta gazte lidergoaren alde egiten duen apustuaren ondorioetako bat da. Trebakuntza eskaintzan esparru anitzetako unibertsitateko irakasleak, erakundeetako ordezkariak, profesionalak, elkarteak, adituak, aktibistak, mendizaleak eta bestelakoek parte hartzen dute, garapen jasangarria eta lidergoa ikuspuntu ezberdinetatik landu ahal izateko.

30 may 2011

Txanponaren bi aldeak (Gaizka Bernando)


“Eco-ciudad, ciudad del futuro”, horixe zioen ikusi berri dudan telebista programak eta horixe izan da oraingoan, behin eta berriz hausnarketa berdinera eramaten nauen arrazoia.

Kotxe hibridoak, elektrikoak, bioerregaiak etb.Gizarteak egun bizi duen ingurumen krisiaren aurka “sendagai miragarriak” dirudite. Baina, zer da errealitatea eta zer fikzioa? erakusten diguten alde politak ba al zakarragorik?

Guztiontzat oso ezagunak diren adibiderekin esplikatuko dut.

Kotxe elektrikoak. Beren mugimendurako beharrezko energia, elektrikoki lortzen duten higikariak. Ez dute berotegi efektuko edo euri azidoaren sortzaile diren gasik isurtzen. Erregai fosileko motorrekin alderatuta,oso isilak dira, hiri inguruneetan erabiltzeko ezin hobeak. Honaino ados. Baina gauza on guztiek alde kaskarragorik ere ba omen dute, eta noski, kotxe elektrikoek ere bai. Lehenago esan bezala, energia elektrikoa darabil teknologia honek energia iturri bezala. Baina nondik lortzen da energia elektriko hori? Gehienetan jasangarriak ez diren iturrietatik hain zuzen ere. Energia termikotik, eta nuklearretik hein handi batean eta proportzio txikiago batean berriztagarriak diren energia iturrietatik. Beraz honek guztiak zer dakar? Kotxe elektrikoak beraiek ez dutela emisiorik sortuko, baina jasangarraik ez diren energia iturrien dependetzia dutela. Eta noski,zeharka bada ere, kontaminazio sortzaileak direla.

Kotxe elektrikoak batetik eta bioerregaiak bestetik.

Bioerregaien kasuan, hauen erabilera ez da motor elektrikoena bezain “garbia”. Hauen erreketak, produktu bezala, karbono dioxidoa bazelako berotegi gasak( beste hainbaten artean) sortze baititu. Baina industria honetako komertzialek diotenez;

“…el balance global del uso de estos bio-combustibles es neutro…”

Eta, zer esan nahi du balantze global neutruak (beste kasu batzuetan bezala, hemen ere gauzak garbi ez uztean datzala arrakasta iruditzen zait)? Erreketan sortuko diren gasak, erregaiaren lehengai diren landareek erabiliko dutela hazkuntzarako. Adibidez, Bietanola sintetizatzeko lehengaia soja izan daiteke, eta sojak bere hazkuntzarako karbono dioxidoa erabiliko du. Zein karbono dioxido? Motorretan, erreketan, sortuko dena hain zuzen. Honaino ere ados. Baina, ez al da idealista xamarra izatea, Brasilen landatuko den sojak, Alemaniako kotxe batek sortuko duen karbono dioxidoa neutralizatuko duela esatea?
Bestalde, adibidez, Brasileko landa inguruan sojak berebiziko garrantzia du elikaduran. Pentsa, brasildarrek, 1euro/kg ordaintzen dutela soja lortzeko eta industria kimikoak, bioerregaiak lortzeko soja bera 2euro/kg ordaintzeko prest dagoela. Zer dakar honek?...txiro denak txiroago eta aberatsak gero eta aberatsago izaten jarraituko dutela. Jasangirria ote?

Baina demagogia hau guztia, tamalez, ez da aurreko bi kasuetan bakarrik ematen. Ingurumenaren inguruan sarri-sarri ikusten den dibalentzia baita.

Eta honekin guztiarekin zer? Ez dut inondik inora, teknologia hauek, orain daudenak baino okerragoak direnik esan nahi, ezta gutxiagorik ere, baina kritikoak izatea eta gauzak bere osotasunean aztertzeak bere biziko garrantzia duela uste dut, are gehiago informazioaren anbiguotasuna handia dela jakinik. Honela datu objektiboetan oinarrituz bakoitza iritzi subjektibo bat atera dezala, beti, txanponaren bi aldeak aztertuz.

25 may 2011

Transition (Imanol Goenaga)



Iraultzarik inor gutxik espero duenean, ahalmen transformatzailea inoiz baino gehiago, norbanakoari dagokio. Eraldaketa hau da funtsean Transition egitasmoak bilatzen duena. Gizarte iraultzarik ez, baina, gizarte modernoen egoera aldatzera doa eta horren aurreko jabetze eta ekite ariketa da Transition, trantsizio lasaia, trantsizio errealista, norbanakoa eta ingurua eraldatu nahi dituena, aberastuko dituena, ekonomia apalago eta balidadibe murritzagoekin baldin bada ere.

Oparotasun garaiaren amaiera iritsi dela argi utzi du krisiak, baina, guztia ekonomiaren moteltze zikliko batera murriztea, begiak ixtea da. Aldaketa garaian gaude eta garaiak geu aldatu baino lehen, aldarazi dezagun guk datorkiguna. Transition mugimendua etorkizuneko lur hori jorratzeko laietako bat da, beharbada errealistena.

Denboran atzera egin beharko dugu Ingalaterrara. Hara begiratuta helduko gara Transitionen muinera, Ingalaterrako hego-mendebaldera, Totnes herrira, Transition Town-etako lehenetakora (Irlandan, Kinsale-n hasi ziren lehen egitasmoak) eta dagoeneko, mugimenduaren ikur ere bilakatu dena. 2005ean, bertan garatu zuten ideia Rob Hopkins ea Naresh Giangrande irakasleek. Neurri ertaineko komunitatea hartu eta klima aldaketaz eta petrolioaren gailurraz (peak oil famatua) jabetu zituzten herritarrak.

Hain zuzen, neurriz kanpoko petrolio-hobirik aurkitu ezean, ezin dugu ukatu petrolio ekoizpenak jada jo ez badu, laster joko duela goia. Agortzen bidean den erregaia dugu eta epe motzean ordezka lezakeen iturri berririk aurkitzea ez da aureikusten. Hornikuntza ez da bapatean etengo, baina, gainbehera badator, apur apurka bada ere, eta garapen ekonomikoak ere, ezinbestean, pareko bidea hartuko du, gure ekonomia, erregaiarekin ertsiki lotua baitago.

Petrolioak bermatu du arrakasta ekonomikoa eta petrolioari esker hazitako herrialdeek, urritasuna sumatu ahala, beherazko malda hartuko dute. Petrolioa diodanean, erregai, plastiko edota beste gai kimikoak ere kontuan hartzen ditut, hazkunde ekonomikoaren hezurra eta haragia izan dira (aldi berean, arazoen iturri). Sobera hitzegin dugu berotegi efektuaz, kutsadura ala basoen soiltzeaz... hauxe baita eguneroko ogia.

Gauzak dauden moduan utzita, irudimen ariketa nekezik egin gabe eta petrolioaren eskasia ikusita, ondorio garbia da urritasunak lehenik, prezioen gorakada itzela ekarriko duela, ondorioz krisia areagotuko dela eta hori gutxi balitz, petrolioak gerrate are latzagoak piztuko dituela.

Hamar, hogei, hogeita hamar urte barru gerta daiteke, data zehatzik ezin igarri, baina logika huts eta garbiak dakar iragarpena.


Erregai fosil gutxiagorekin (ala gabe) bizitzen ikasi beharra dagoela argi dago hortaz, Transitionen funtsetako bat, ezbada garrantzitsuena, hauxe da. Gakoak: formakuntza, tokiko ekonomiaren sustapena, ingurugiroaren errespetua eta, noski, erregai kontsumoaren murrizketa ahalik eta handiena.

Azken horretan dator, aurrez azaldutako transformazioa, egunerokoan hartutako erabakiek ekarriko dute pentsalmoldearen eta ohituren aldaketa, ondorioz, baita gizartearena ere eta antolaketa ekonomiko berria ezinbestekoa izango da.

Gizarte iraultza horizontala da hori. Aberastasuna pertsonala da eta, ekonomikoak ez bezala, aberastasun horren etekinak ez dira gerokoak, prozesuan bertan parte hartuta datoz hazkunde pertsonala, hau da, ongizatea, guztiok bilatzen dugun hori, eta garapen ekonomikoak ekarri ez duena. (puntu hau ere gutxik ukatuko dute).

Egun hauetan Madriden eta beste hainbat tokitan, Politikari eta sistemarekin kexu diren horientzako erantzun egokia izan daiteke Transition ekimena, norbanakoaren erabakia baita gauzak aldatzeko bidea.

Mugimenduaren diskurtsoak berak ere pista argigarriak ematen ditu. Egoeraren aurrean hiru jarrera mota bereizten dituzte eta Transition laugarren bidea erraztera omen dator.

Zera, pentsa genezake, egoera ez dela hain larria eta etorkizunean gauzek modu antzerakoan jarraituko dutela, agian azkarrago eta politagoa izango dela etorkizuna, beste gabe; pentsa genezake, apokalipsia datorkigula gainera eta; hirugarrenik, imagina dezakegu garapenak eta teknologiak konponduko dizkigula arazo guztiak etorkizunean. Baina garapen mota honetarako hain beharrezkoa den petroliorik gabe, nola?

Transitionek tokiko komunitateei egoeraren aurrean moldatzeko malgutasuna izaten erakutsi nahi die eta petrolioaren gailurraren zein klima aldaketaren latzena ekiditen lagundu. Energia behar gutxiagoko bizitza bai baina gehiago betetzen zaituena, horra lema.

Erantzunak eta ekimenak mila izan daitezke eta horietako asko aurkitzeko gure ingurura ere begira genezake, Transition Townik oraindik ez badago ere (dagoeneko 160 herri daude munduan zehar proiektu eta asmo ezberdinekin) filosofia horrekin bat etor daitezken makina bat iniziatiba daude dagoeneko martxan. Kontsumo taldeak, bertako nekazari eta ekoizleekin hornitutako supermerkatuak zabaltzeko proiektuak, elkartrukeak, bigarren eskuko azoka edota arropa konpondu eta sortzeko ikastaroak, garraioa antolatzeko taldeak... Ekimen apalak baina transition ekimenak, inondik inora.

6 may 2011

KOMUNIKAZIOA ETA LIDERGOA


“Presidentea, ohi bezala, entzuleak hunkitu nahian ari zen; baina, zirudienez, hunkitu baino gehiago, entzuleei barre eginarazten ari zen, batez ere. Zer ariko ziren pentsatzen? Ez zioten ulertzen, agian? Edo, beharbada, ondoegi ulertzen zioten?”
Historian zehar lidergoa eta komunikaziorako trebetasuna eskutik etorri dira, agian txanpon berdinaren bi aldeak direlako. Hortxe ditugu, adibidez, Zizeron, Churchill, Martin Luther King edota Hitler, denak masa-lider izugarriak, ematen zituzten diskurtsoak guztiz eraginkorrak baitziren euren komunikazio-gaitasunei esker.
Erlazio hau oso argi azaldu zuen Makiavelok bere “Printzeari” eskaini zizkion aholkuetan. Idazlearen ustez, agintari batentzat ez zen hain inportantea nolakotasunak izatea, baizik eta hauek izatearen itxura egitea, betiere herriaren aurrean. Horrela, komunikazio politikoaren irizpideak ezarri zituen, irudiaren garrantzia azpimarratuz.
Politikaren munduan hainbat urteetan ibilitako gizona, kultur klasikoaren maitale, Makiavelok ondo zekien zertaz idazten zuen. Antzinako grekoen erretorika eskoletan bezala, jakin bazekien zein inportantea zen limurtzeko abilezia lantzea gobernura iristeko. Honen guztiaren ondorioz, etika politikatik bereizi zuen eta behin betiko geratu ziren balio moralak egokitasun sozialaren menpe.
Mendez mende mila era ezberdinetan izan da mezu hau egokitua eta badirudi ez duela indarrik galdu, kontuan izanik gaur egungo agintariak disimuluaren errege bilakatu direla, komunikabideen hedapen zorabiagarria dela medio. Ondoegi barneratu dutenez iritzi publikoarentzat “dena” baino gehiago “uste dena” dela funtsezkoena, errealitatearen eta itxuraren artean mugitzen ikasi dute, euren benetako intentzioak ezkutatuz, estrategiazko joko batean ariko balira bezala.
Baina sarritan gertatzen da etxean ezaguna egiten den erretorika, gaizki aditzen dela atzerriko belarrietan. Are gehiago, arazoak agertu daitezke lidergoa soilik komunikazio-ahalmen zein teknikenetan oinarrituta dagoenean (eta ez eraginkorragoak –benetakoak– diren akzio edota politiketan). Hauxe bera irudikatzen du Oliver Sacks-ek bere “Emakumea kapelarekin nahasi zuen gizona“ liburuan, honako kasuan:
Ospitale batean presidentearen hitzaldia telebistan. Gaixoen artean ohizkoa ez den publikoa adi-adi: afasikoak. Hauek garuneko desoreka batengatik ezin dituzte hitzak ulertu eta hizkuntza ez-berbalean oinarritzen dira besteek diotena ulertzeko. Presidentearen keinuak, bere hitz jarioa ez bezala, kontrolaezinak (pentsaezinak) direnez, afasikoek gezurtzat hartzen dituzte, hauen algara eta txantxak eraginez.
Beste guztiek ordea, liluratuak dirudite; buruarekin baieztatzen, ezpainekin irribarre egiten presidentearen irudi pixelatuari. Garunean desorekarik ez badute, eta bai hitzak bai keinuak ezagutzeko eta ulertzeko gai badira, orduan hausnartzekoa da zergatik dauden hain gustura hitzaldiaren efektuaren menpe.
Ez ote dira azken hauek benetako gaixoak?

2 may 2011

Ibaia guztion ondarea hitzaldia

Ura, ibaiak eta herriak dokumentala

Ekainak 23, osteguna, 19:00etan Gipuzkoako Argazkilari Elkartean Cristina Enearen eskutik.
Hizlaria: Pedro Arrojo, Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Analisien irakaslea

Planeta Urdinean bizi gara, Ur Planetan. Hala ere, 1.100 milioi pertsonak ez dute edateko ura eskuragarri, eta hori dela-eta 10.000 pertsona inguru hiltzen dira egunero, gehienak haurrak. Arrojok uraren kudeaketa zientzia ekonomikoen ikuspegitik aztertuko du bere hitzaldian, ekosistemen kontserbazioa azpimarratuz.