GAZTE EKOLIDERRAK proiektuaren helburu nagusia Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea da. Proiektu hau Kutxak garapen jasangarriaren alde eta gazte lidergoaren alde egiten duen apustuaren ondorioetako bat da. Trebakuntza eskaintzan esparru anitzetako unibertsitateko irakasleak, erakundeetako ordezkariak, profesionalak, elkarteak, adituak, aktibistak, mendizaleak eta bestelakoek parte hartzen dute, garapen jasangarria eta lidergoa ikuspuntu ezberdinetatik landu ahal izateko.

25 feb 2011

Hurrengo saiorako hausnarketa


Aintzane Gascon eta Olatz Goikoetxea
Gatazkak bideratzeko estrategiak / Gatazkak modu eraikitzailean tratatzeko




"Proiektuak aurrera eramateko garrantzitsua da jendearekiko harreman ona izatea, bai taldekideekin baita kanpokoekin ere. Inoiz pentsatu al duzu zein gatazka motari egin beharko diozu aurre? Eta gatazka horiek bideratzeko, zure trebetasunak zeintzuk diren ba al dakizu? Zeure burua ikusten duzu taldekideen arteko arazoak konpontzen laguntzen?"

24 feb 2011

“Así termina la Vida y comienza la Supervivencia” (Oihana Larrea)


(Suwamish tribuko Seattle buruzagia)*

Film baten grabazioaren aurrean gaude. Izenburua jarri (gazteleraz) eta bertan parte hartuko duten pertsoinaiak aurkitzeari ekingo diogu. Hoietako bat ni neu izango naiz.

Nire Herriko Udalak, 1855. urtean Estatu Batuetan presidente zenaren (Franklin Pierce) papera beteko du; herriko beste “basati” asko eta gure taldea ordea, Suwamish tribuko partaideak izango gara, gutako batek liderraren rola egingo duelarik, Seattle buruzagiarena hain zuzen ere.

Udalak, Jasangarritasunaren izenean (erlijio bat bailitzan erabilia egiten den guztia justifikatzeko) herri inguruan gelditzen diren mendi apurrak zulatuko ditu, autoak herritik pasa ez daitezen eta kutsadura maila igo ez dadin ezinbestekoa delako. Gainera, industrigune berriak sortuko ditu lau behi besterik gelditzen ez diren zelaietan, Garapen Iraunkorra hiru hanka dituen mahaia delako eta, garapen sozio-ekonomikoa dakarrelako ingurumenaren zaintzarekin batera.

Hau da, Estatu Batuetako presidenteak, “gure” lurrak erosiko ditu bertan denontzat onurak dakartzan lanak aurrera eramateko, eta guk “gutun” bat idatziko diogu gure ignorantziatik “basatiak baikara eta ezin baititugu gauzak ulertu”. Baina erantzunik izango ote du gure gutun horrek? Estatu Batuetako presidenteak emango ahal dio garrantzirik lur horietan antzinatik bizi izan diren basatiei? Onartuko ahal du lur horiek direla gure jabe eta ez gu beraien jabe? Gaian oso jantzia dagoen presidenteak jakingo ahal du bizirik iraun nahi beharrean, bizitzea nahi dugula eta horretarako diruaz gain dauden beste ondasun preziatuagoak beharrezko ditugula?

…Orain bueltatu gaitezen filmetik gure bizitza errealera, ez ahal zarete inoiz film honetako protagonistak bezala sentitu? Ez ahal duzue inoiz gaur egungo “jasangarritasun” horren aurrean zuen postura erakutsi eta basati hutsak bezala ikusiak izan?

Filmaren bigarren zatia grabatzeko ordua heldu delakoan nago. Beste askotan ez bezala, oraingo honetan estreinatzear dagoen pelikularen atal hau, lehenengoa baino hobea izango da, eta “basatiok”, presidenteari “gutun” bat idazteaz gain, benetan Jasangarria den garapen bat posible dela erakutsiko diogu eta ez bakarrik “jasangarria” izena duena.

Beraz… 3, 2, 1… GRABATZEN!!!!!

Filmeko pertsonaien konparaketak ulertzeko, interesgarria den beste testu bat irakurtzea gomendagarria da, nahiz eta seguruenik gehienek ezagutuko duzuen: “Carta del jefe indio Seattle” http://www.guelaya.org/textos/jefe%20indio.htm

Oihana Larrea

21 feb 2011

Nor da jasangarritasunaren kudeaketaren arduraduna? (Oihana Agirre)


Politikariak izan litezke beharbada? Ausartuko nintzake esatera aspaldian agerian gelditu dela egungo sistema ekonomiko-juridiko-instituzionala ez dela behar besteko eraginkorra izan arazoa bideratzeko orduan.
Epe motzerako irabazien maximizazioa gailendu da beste guztiaren gainetik, horretarako, pertsona edo errekurtsoen esplotazioan oinarritu behar badira era. Adibide gisa, energia sektoreari dagokionean administrazioen jarrera: enpresa handien proiektuen alde apustu egin dute, diru-laguntzak eskainiz eta pribatizazioa bultzatuz, dependentzia energetikoa murriztuko lukeen sektore publiko bat bermatu ordez.
Bada, enpresak ere badira arduradun? Ulertzen dut ondorioak eragiteko ahalmena duten aldetik sortutako eragin horien erantzule ere badirela (kontutan izanda gainera enpresak garapen ekonomikoaren eragile izateaz gain garapen sozialaren eragile ere badirela).
Egun, Enpresen Gizarte Erantzukizuna edo RSC-a pil-pilean dagoen kontzeptua da. Definizioz, enpresek beren kabuz, merkataritza eragiketetan eta beren solaskideekiko harremanetan gizarte eta ingurumen kezkak kontuan hartzea adierazten du.
Egia da, enpresa batzuk konturatu direla legeak betetzearekin nahikoa ez dela. Hala ere, borondatezko konpromiso eta ekimen horiek benetan enpresaren izaera eta balore etikoak barneratuta dituztelako egiten dituzten, edota lehiakortasun eta etekinei begira egiten dituzten jakiteko gogoeta sakonagoa egin beharko litzateke.
Zoritxarrez, oraindik ere, enpresari asko eta asko ezarritako normak eta legeak betetzera mugatzen baitira, eta are okerragoa dena, batzuek isunak ordaindu besterik ez dituzte egiten.
Hala, norbanako gisa, ba al dugu erantzukizunik? Konturatzen gara ezinezkoa dela eredu ekonomiko jasangarri bat bultzatzea hazkunde mugagabeari uko egin gabe, zeinak gainera, hemendik kanpora garapena jasanezina egiten duen (pobrezia, aberastasunaren banaketa bidegabea, esplotazioa, degradazioa, etab) .
Zaila egiten zait ulertzea, egungo sistemaren arazoa konpontzeko saiakerak berau sortu duen arrazonamendu berdinetik abiatuta.Bide horretan, ezinezkotzat ikusten dut beste herriekin ez mendekotasun eta elkartasunean oinarritzen diren harremanak eraikitzea kontzeptu eta norabide aldaketa bat proposatu gabe.
Beraz, herritarren ardura ere badela uste dut, egungo sistemaren suntsipen jasangarriari ekitea, pertsona zein baliabideak kontutan hartzen dituen beste kudeaketa eredu bat eraikitzearen aldeko apustua eginez!

Oihana Agirre

11 feb 2011

Hizkuntz ekologia eta euskara (Endika Gandarias)

Jon Sarasuaren hitzetaz baliatzea iruditu zait egokien hizkuntz ekologia eta euskararen egoerari buruzko gogoeta egiteko.
(link honetan dozue bere hitzaldi osoa: http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1082164520)

Denok gaude politikaren zurrunbiloan sartuta, eta nik hasierako gogoeta bat egingo nuke: eztabaida dezakegu euskal arazo politikoa noizkoa den, ia trantsizio osteko arazoa baden, trantsizio oker baten ondorioa, edo karlistadetatik datorren edo beharbada nazio kontzeptua sortu zenetik euskal nazionalismoaren arazoak ehun eta piku, berrehun, urte gutxi ditu, ez? Baina nik uste dut, sakonean, guk daukagun arazoa arazo existentzial bat dela. Nazionalismoak, arazo politikoak, berrehun urte ditu, baina arazo existentzialak milaka urte ditu.
Eta askotan ez dugu asmatzen arazo existentzialaren plano horretan jartzea eta arazo existentziala, herri honetan, nagusiki, kultura-kontu bat da. Ia milaka urte iraun duen hizkuntz komunitate honek, gaur egun, XXI. mendean, globalizazioaren garaian, nola egin dezakeen aurrera. Hori da azkenean gure arazo existentziala. Arazo politikoa konponduko da edo ez, konponduko da honela, hala, lortuko dugu independentzia, lortuko dugu autonomia edo alemanak inbadituko dute berriz Europa osoa hemendik berrogei urtera, auskalo, hori plano politikoarekin sarri gertatzen denez.
Orduan, nola egiten diogu aurre arazo existentzial honi? badago gaur egun hizkuntzak eta kulturen arteko harremana ulertzeko paradigma bat, hizkuntza ekologia deituko nukeena.
Badauka bere zentzua zergatik deitzen dugun ekologia, ez modan dagoen termino bat delako, baizik ekologia delako eredu bat ezaugarri zehatz batzuk dituena, balio zehatz batzuk dituena eta horiek hizkuntzetan eta kulturetan ere uler ditzakegulako. Zer gertatzen da? Hizkuntz ekologiaren eredu hau ari dela sortzen edo indartzen, baina oraindik gaur egun herri honetan ez dira asumitu ez partidu politikoen aldetik ezta ere euskalgintzan bertan dauden indar nagusien aldetik ere.
Ekologiak sakonean dauka etika bat. Ekologia ez da naturaren alde egotea; naturaren alde ehiztariak ere badaude, eta beti egon dira zibilizazio guztiak naturaren alde, baina ekologiak dauka etika bat, zaintzearen etika, dibertsitatearen etika, biziari bizitzen izaten uztea bere dibertsitate osoan, edozerk bizitzeko eskubidea eta duintasuna du existitzeagatik bakarrik, hor dago, nolabait, aberastasuna, eta guztiaren lotura. Azkenean, ekologia da etika bat, balio batzuk, eta gero ekologia da zientzia bat.
Eta zer dira hizkuntzak? Hizkuntzak, azkenean, ez dira besterik gabe kodigo batzuk, baizik eta hizkuntzak dira zerbaiten emaitza; Giza espeziearen dibertsitatearen isla kulturalik inportanteena. Hizkuntzak dira bizitzaren formak, eta, nolabait, giza espeziearen aniztasunaren gordailurik inportanteena momentu honetan, hizkuntzak eta hizkuntzei lotutako kulturak.
Zer dio ekologiak zentzu honetan? Ekologiak dio bizitzaren forma horiek zaindu egin behar direla. Errez ulertzen da balea galtzen denean edo Amazoniako espezie bat galtzen denean denok galtzen dugun moduan, hizkuntza bat galtzen denean ere galtzen ari garela. Hori da bat. Badu etika bat, baina baita ere badu zientzia bat, eta hau da ulertzen ez dena. Hizkuntz ekologiak badu zientzia bat eta bere jakintza-garapen horretako gako nagusietako bat da hizkuntz komunitatea. Hau da, hizkuntzak bizi dira hizkuntza komunitateak egituratzen direlako.
Eta hizkuntz komunitate horien biziberritzeak baditu arau batzuk. Edozein ekosistema moduan, minimo batzuk betetzen ez badira, hizkuntz komunitate hori degradatzen hasten da. Eta ekosistema moduan bere heriotza ziurtatuta dauka.
Orduan galdera da: bueno, eta zein da, zein dira euskara bezalako ekosistema baten minimo bitalak? Minimo bital horietatik gora gaude edo behera gaude? Hau da, euskararena zer da, gripe bat edo minbizia? Eta nola artikulatu lur berean bizi diren hizkuntza komunitate desberdinen arteko jokoa?
Badaukagu diagnostiko bat? diagnostiko minimamente zientifikoa, nola gauden, nora goazen, zein den momentu honetan euskararen egoera eta irtenbidea? Nik uste dut ezetz.

ENDIKA GANDARIAS

BIOANIZTASUNAZ (Lander Iztueta)


... eta hala agindu omen zion:
- Egin ezazu arka erraldoi bat eta sar ezazu bertan animalia espezie bakoitzeko bikote bat.
Jakina, garai hartan ez dut uste ezer entzuna zutenik ugalketa asexualaz, edota hermafroditismoaz, edota partenogenesiaz edota beste hainbat eta hainbat historiz. Hala nahi izan zuen eta jaun ahalguztidunak, bat ar eta bestea eme, gizakiaren modura. Eta eskerrak langile sutsua sexuen bereizketan gehiegi luzatu ez zen, bestela oraindik hor genuen bere horretan. Baina kontu horiek beste baterako utziko ditugu... eta eskerrak emango dizkiegu, animalia-aniztasuna aurrera atera izanagatik.

Jonek oso ongi definitu zigun beste batean zertan datzan bioaniztasunak; aniztasun genetikoak, espezifikoak eta ekosistemikoak. Egundaino 1.700.000 bizidun espezie inguru identifikatu dira lurrean, eta adituen ustez 5-20 milioi espezie inguru izan ditzakegu. Hau da, bizidun espezie asko daude. Gizakiok espezie kopuru guzti horretatik proportzio txiki bat besterik ez du zuzenean ustiatzen; dela elikadurarako, dela medikuntzarako... eta ikuspuntu ekonomiko batetik beste guztiak arbuiagarri dira. Oihan tropikalaren lekuan? Landa-soro monokultiboak.
Baina ez dugu haraino joan beharrik. Hemengo agureek oso ondo gogoratzen dute nola gazteak zirenean era guztietako sagarrak aurkitzen ziren bidertzeetan. Goldenak eta Reinetak irabazi zuten guda hura ordea. Bioaniztasun galera da ondorio zuzena.

Erregistro fosila aztertuz gero, lurraren historia bioaniztasun galera episodikoz urratua dagoela aztertzen da. Iraungipen masiboak! Batzuetan espezieen %90 inguru galdu zela kalkulatu izan da. Egungoak txikikeria hutsa dirudi horren aldean. Eta hala da. Arazoa da, garai hartan kataklismoaren eragilea klima izan zela eta oreka egoerara itzultzean denbora biologikoa nahikoa luzea izan zela berriz ere espeziazioa gertatu eta munduko lurralde guztiak kolonizatzeko. Lurreko izakiak bestelakoak ziren bai, baina hasieran bezain beste espezie zegoen. Orain lurrak beste dinamika bat darama. Gu gara iraungipenaren eragile, eta ez dago atzera bueltarik.

Noeren arkaren antzera, egun badaude landare espezie eta barietateen haziak gordetzen dituzten hazi banku erraldoiak. Garai batean izan genuen aberastasunaren erakusgarri hutsa izatearen beldur naiz. Landare horien jatorrizko ekosistema ezabatuz gero, non txertatuko baituzu hazi hori?

Hara hor bioaniztasuna babesteko bidean aurkitzen dugun beste arazoetariko bat; zer babestu behar ditugu, ekosistemak hala espezieak? Nire iritziz ekosistemak babestu behar dira. Tokian tokiko ekosistemetan badira garrantzia gehiago duten espezieak, eta horiek babesten ahalegin extra bat egin beharra dago. Baina funtsean ekosistemak babestea da itua, espezieak lekuz kanpo aurki ez daitezen.

Besterik gabe, espero dut egunen batean gure ondorengoei behinola belarra jaten zuten hartz txuri-beltzak bazirela azaldu behar ez izatea, edota elurra bezain txuri ziren hartzak bazirela, edota, azken batean, hartzak bazirela.

Lander Iztueta

7 feb 2011

Gure aniztasuna, bioaniztasun? (Jon Martin)



Azken urte hauetan indarra hartu duen hitza da bioaniztasuna. Baina garbi al dugu zer den bioaniztasuna?
Bioaniztasuna bere horretan, bizitzak dituen moldaera desberdinen multzoa da. Moldaera hauek espezie berean (genetikoa), espezie artean (espezifikoa) edota ekosistema batean (ekosistemikoa) eman daitezke.
Gu geu munduaren beste partaide bat bezala ikusiz, nik garbi daukat gu ere bioaniztasuna garela. Hala ere, bada oraindik urruneko deiadar baten hotsak utziriko sentsazioaren antzeko zer edo zer sentitzen duena hitz hau entzutean. Badirudi erabat damutzen garela naturaren beste osagai xume bat izateaz! Hirigintza, teknologia eta dirua izan dira azken hamarkadetako oinarri, mundua gure mendean izateko irrikaz, ingurua nahi adina eraldatzea zirudielarik xedea. Gauzak horrela, ez nau batere arritzen egungo munduaren egoerak: kutsadurak sorturiko berotegi efektuaren kalteak, Amazoniako habitataren murrizketa, itsas espezie batzuen kolapso bilogikoa, gizarteen arteko alde ekonimiko izugarria,...

Bizidun guztiok genetikoki ba omen dugu norberaren ongizate minimo bat bermatzeko beharra, biziraupena. Baina honetan gizakiok gainontzeko biziduenei abantaila haundia ateratzen diegu, beraien abileziak gure egin ditugu eta. Egia esan, gizarte garatuetan biziraupen soila menderaturik dagoenez, badugu bizirauteko norberekoikeria baino aratago doan zerbait, eta hau da nire ustetan, etorkizunean egoera gaurko ekintzen menpe dagoela ikusten usten ez diguna. Lehen adibidez, gure arbaso urrunek, naturako elementu zein animaliak gurtu eta aztertzen zituzten, orain ordea, gure irudira sorturiko guztiz ahaltsu baten inguruan dabiltzan erlijioak ditugu, naturarekin genuen erlazio estua apurtu eta genetikoa ez den beste ongizate behartu bat sortuz (indibidualismoa). Ondorioz, antzinetik naturarekin errespetuz bizi izan diren kulturen babesa ezinbestekoa iruditze zait ulertzeko zer ginen eta zertara iritsi garen gure bioaniztasunean.
Esan beharra dago, politikariek hartu dituztela zenbait neurri animalien eta hauen habitaten (bizilekuen) babeserako: Natura 2000 europa mailan, parke natural babestuak, biotopo babestuak,... Hala ere, nire ustetan, hauek martxan jartzeko benetako beharraren gizarteratzea ez da erabatekoa izan. Gainera, nahiz eta gero eta gehiago izan herraminta hauez arduratzen garenak, jakina da badagoela gizartearen zati bat zeinek ez duen oraindik hauen beharra ikusi nahi. Agian dena ondo doan bitartean errazago egiten delako beste alde batera begiratzea. Baina beharrezkoak direla ezin da ukatu.

Guztia laburbilduz, bioaniztasuna beharrezkoa dugulako eta jasangarri izan dadin lanean jarraitu dezagun, gaur egungo euskal pailaso arrakastatsuenek erabili ohi dituzten 3 hitzekin esango dizuet: “sentitu, pentsatu ta ekin!”. Gomendagarria iruditu zait gainera Asier Ilariok eta Alberto J. Gorritibereak eginiko dokumentala “Flysch, haitzen hitza”, hona hemen trailerra:
http://www.flyschzumaia.com/www/eusk/teaser.php

Jon Martin Agirre
“Gu anitzak garelako nahi dugu bioaniztasuna”