GAZTE EKOLIDERRAK proiektuaren helburu nagusia Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea da. Proiektu hau Kutxak garapen jasangarriaren alde eta gazte lidergoaren alde egiten duen apustuaren ondorioetako bat da. Trebakuntza eskaintzan esparru anitzetako unibertsitateko irakasleak, erakundeetako ordezkariak, profesionalak, elkarteak, adituak, aktibistak, mendizaleak eta bestelakoek parte hartzen dute, garapen jasangarria eta lidergoa ikuspuntu ezberdinetatik landu ahal izateko.

21 feb 2011

Nor da jasangarritasunaren kudeaketaren arduraduna? (Oihana Agirre)


Politikariak izan litezke beharbada? Ausartuko nintzake esatera aspaldian agerian gelditu dela egungo sistema ekonomiko-juridiko-instituzionala ez dela behar besteko eraginkorra izan arazoa bideratzeko orduan.
Epe motzerako irabazien maximizazioa gailendu da beste guztiaren gainetik, horretarako, pertsona edo errekurtsoen esplotazioan oinarritu behar badira era. Adibide gisa, energia sektoreari dagokionean administrazioen jarrera: enpresa handien proiektuen alde apustu egin dute, diru-laguntzak eskainiz eta pribatizazioa bultzatuz, dependentzia energetikoa murriztuko lukeen sektore publiko bat bermatu ordez.
Bada, enpresak ere badira arduradun? Ulertzen dut ondorioak eragiteko ahalmena duten aldetik sortutako eragin horien erantzule ere badirela (kontutan izanda gainera enpresak garapen ekonomikoaren eragile izateaz gain garapen sozialaren eragile ere badirela).
Egun, Enpresen Gizarte Erantzukizuna edo RSC-a pil-pilean dagoen kontzeptua da. Definizioz, enpresek beren kabuz, merkataritza eragiketetan eta beren solaskideekiko harremanetan gizarte eta ingurumen kezkak kontuan hartzea adierazten du.
Egia da, enpresa batzuk konturatu direla legeak betetzearekin nahikoa ez dela. Hala ere, borondatezko konpromiso eta ekimen horiek benetan enpresaren izaera eta balore etikoak barneratuta dituztelako egiten dituzten, edota lehiakortasun eta etekinei begira egiten dituzten jakiteko gogoeta sakonagoa egin beharko litzateke.
Zoritxarrez, oraindik ere, enpresari asko eta asko ezarritako normak eta legeak betetzera mugatzen baitira, eta are okerragoa dena, batzuek isunak ordaindu besterik ez dituzte egiten.
Hala, norbanako gisa, ba al dugu erantzukizunik? Konturatzen gara ezinezkoa dela eredu ekonomiko jasangarri bat bultzatzea hazkunde mugagabeari uko egin gabe, zeinak gainera, hemendik kanpora garapena jasanezina egiten duen (pobrezia, aberastasunaren banaketa bidegabea, esplotazioa, degradazioa, etab) .
Zaila egiten zait ulertzea, egungo sistemaren arazoa konpontzeko saiakerak berau sortu duen arrazonamendu berdinetik abiatuta.Bide horretan, ezinezkotzat ikusten dut beste herriekin ez mendekotasun eta elkartasunean oinarritzen diren harremanak eraikitzea kontzeptu eta norabide aldaketa bat proposatu gabe.
Beraz, herritarren ardura ere badela uste dut, egungo sistemaren suntsipen jasangarriari ekitea, pertsona zein baliabideak kontutan hartzen dituen beste kudeaketa eredu bat eraikitzearen aldeko apustua eginez!

Oihana Agirre

2 comentarios: