GAZTE EKOLIDERRAK proiektuaren helburu nagusia Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea da. Proiektu hau Kutxak garapen jasangarriaren alde eta gazte lidergoaren alde egiten duen apustuaren ondorioetako bat da. Trebakuntza eskaintzan esparru anitzetako unibertsitateko irakasleak, erakundeetako ordezkariak, profesionalak, elkarteak, adituak, aktibistak, mendizaleak eta bestelakoek parte hartzen dute, garapen jasangarria eta lidergoa ikuspuntu ezberdinetatik landu ahal izateko.

11 feb 2011

Hizkuntz ekologia eta euskara (Endika Gandarias)

Jon Sarasuaren hitzetaz baliatzea iruditu zait egokien hizkuntz ekologia eta euskararen egoerari buruzko gogoeta egiteko.
(link honetan dozue bere hitzaldi osoa: http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1082164520)

Denok gaude politikaren zurrunbiloan sartuta, eta nik hasierako gogoeta bat egingo nuke: eztabaida dezakegu euskal arazo politikoa noizkoa den, ia trantsizio osteko arazoa baden, trantsizio oker baten ondorioa, edo karlistadetatik datorren edo beharbada nazio kontzeptua sortu zenetik euskal nazionalismoaren arazoak ehun eta piku, berrehun, urte gutxi ditu, ez? Baina nik uste dut, sakonean, guk daukagun arazoa arazo existentzial bat dela. Nazionalismoak, arazo politikoak, berrehun urte ditu, baina arazo existentzialak milaka urte ditu.
Eta askotan ez dugu asmatzen arazo existentzialaren plano horretan jartzea eta arazo existentziala, herri honetan, nagusiki, kultura-kontu bat da. Ia milaka urte iraun duen hizkuntz komunitate honek, gaur egun, XXI. mendean, globalizazioaren garaian, nola egin dezakeen aurrera. Hori da azkenean gure arazo existentziala. Arazo politikoa konponduko da edo ez, konponduko da honela, hala, lortuko dugu independentzia, lortuko dugu autonomia edo alemanak inbadituko dute berriz Europa osoa hemendik berrogei urtera, auskalo, hori plano politikoarekin sarri gertatzen denez.
Orduan, nola egiten diogu aurre arazo existentzial honi? badago gaur egun hizkuntzak eta kulturen arteko harremana ulertzeko paradigma bat, hizkuntza ekologia deituko nukeena.
Badauka bere zentzua zergatik deitzen dugun ekologia, ez modan dagoen termino bat delako, baizik ekologia delako eredu bat ezaugarri zehatz batzuk dituena, balio zehatz batzuk dituena eta horiek hizkuntzetan eta kulturetan ere uler ditzakegulako. Zer gertatzen da? Hizkuntz ekologiaren eredu hau ari dela sortzen edo indartzen, baina oraindik gaur egun herri honetan ez dira asumitu ez partidu politikoen aldetik ezta ere euskalgintzan bertan dauden indar nagusien aldetik ere.
Ekologiak sakonean dauka etika bat. Ekologia ez da naturaren alde egotea; naturaren alde ehiztariak ere badaude, eta beti egon dira zibilizazio guztiak naturaren alde, baina ekologiak dauka etika bat, zaintzearen etika, dibertsitatearen etika, biziari bizitzen izaten uztea bere dibertsitate osoan, edozerk bizitzeko eskubidea eta duintasuna du existitzeagatik bakarrik, hor dago, nolabait, aberastasuna, eta guztiaren lotura. Azkenean, ekologia da etika bat, balio batzuk, eta gero ekologia da zientzia bat.
Eta zer dira hizkuntzak? Hizkuntzak, azkenean, ez dira besterik gabe kodigo batzuk, baizik eta hizkuntzak dira zerbaiten emaitza; Giza espeziearen dibertsitatearen isla kulturalik inportanteena. Hizkuntzak dira bizitzaren formak, eta, nolabait, giza espeziearen aniztasunaren gordailurik inportanteena momentu honetan, hizkuntzak eta hizkuntzei lotutako kulturak.
Zer dio ekologiak zentzu honetan? Ekologiak dio bizitzaren forma horiek zaindu egin behar direla. Errez ulertzen da balea galtzen denean edo Amazoniako espezie bat galtzen denean denok galtzen dugun moduan, hizkuntza bat galtzen denean ere galtzen ari garela. Hori da bat. Badu etika bat, baina baita ere badu zientzia bat, eta hau da ulertzen ez dena. Hizkuntz ekologiak badu zientzia bat eta bere jakintza-garapen horretako gako nagusietako bat da hizkuntz komunitatea. Hau da, hizkuntzak bizi dira hizkuntza komunitateak egituratzen direlako.
Eta hizkuntz komunitate horien biziberritzeak baditu arau batzuk. Edozein ekosistema moduan, minimo batzuk betetzen ez badira, hizkuntz komunitate hori degradatzen hasten da. Eta ekosistema moduan bere heriotza ziurtatuta dauka.
Orduan galdera da: bueno, eta zein da, zein dira euskara bezalako ekosistema baten minimo bitalak? Minimo bital horietatik gora gaude edo behera gaude? Hau da, euskararena zer da, gripe bat edo minbizia? Eta nola artikulatu lur berean bizi diren hizkuntza komunitate desberdinen arteko jokoa?
Badaukagu diagnostiko bat? diagnostiko minimamente zientifikoa, nola gauden, nora goazen, zein den momentu honetan euskararen egoera eta irtenbidea? Nik uste dut ezetz.

ENDIKA GANDARIAS

1 comentario:

  1. aupa endika:
    interesgarria benetan.gustura irakurri dut beste guztiak bezala, denak gaur egungo errealitatearen zati baten analisia eta kritika zorrotzak eta koherenteak direla uste dut. beharrezkoa iruditzen zait horrelako artikuluetan gai hauek jorratzea.

    euskaldunon errealitatean zuk esan bezala arazo existentzialak baditugula uste dut. egoera koheteak botatzekoa ez bada ere, hizkuntza ekologiaren saioan ikusitako ereduekin, garabide adibidez, bati ilusioa eta dena sartzen zaio.
    argi dago euskalgintzak gabezi handiak dituela eta hein handi batean euskara hizkuntza minoritarioa dela eta beste hein handi batean beste batzuek minorizatua ere bai, baina aurrera egitea eta euskeraz irakurri, idatzi, bizi, sentitu eta maitatzea besterik ez zaigu geratzen, beste hainbat gauzen artean.
    ondo segi

    ResponderEliminar