![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEhkygvuhxbkJYjVYnsuMlWANEuuqwZkYbqGQva2a8bhIEsRgVHLBe7eRDGNcO6FOTnc1gh6HzQIC6R71MplPf0mPmOdZP4_IPjoJYGIuxuwSS5oAxKkPw8qHkmZWUPZ7Xae8SMvMnp9Rtc/s200/Lander+Iztueta.jpg)
... eta hala agindu omen zion:
- Egin ezazu arka erraldoi bat eta sar ezazu bertan animalia espezie bakoitzeko bikote bat.
Jakina, garai hartan ez dut uste ezer entzuna zutenik ugalketa asexualaz, edota hermafroditismoaz, edota partenogenesiaz edota beste hainbat eta hainbat historiz. Hala nahi izan zuen eta jaun ahalguztidunak, bat ar eta bestea eme, gizakiaren modura. Eta eskerrak langile sutsua sexuen bereizketan gehiegi luzatu ez zen, bestela oraindik hor genuen bere horretan. Baina kontu horiek beste baterako utziko ditugu... eta eskerrak emango dizkiegu, animalia-aniztasuna aurrera atera izanagatik.
Jonek oso ongi definitu zigun beste batean zertan datzan bioaniztasunak; aniztasun genetikoak, espezifikoak eta ekosistemikoak. Egundaino 1.700.000 bizidun espezie inguru identifikatu dira lurrean, eta adituen ustez 5-20 milioi espezie inguru izan ditzakegu. Hau da, bizidun espezie asko daude. Gizakiok espezie kopuru guzti horretatik proportzio txiki bat besterik ez du zuzenean ustiatzen; dela elikadurarako, dela medikuntzarako... eta ikuspuntu ekonomiko batetik beste guztiak arbuiagarri dira. Oihan tropikalaren lekuan? Landa-soro monokultiboak.
Baina ez dugu haraino joan beharrik. Hemengo agureek oso ondo gogoratzen dute nola gazteak zirenean era guztietako sagarrak aurkitzen ziren bidertzeetan. Goldenak eta Reinetak irabazi zuten guda hura ordea. Bioaniztasun galera da ondorio zuzena.
Erregistro fosila aztertuz gero, lurraren historia bioaniztasun galera episodikoz urratua dagoela aztertzen da. Iraungipen masiboak! Batzuetan espezieen %90 inguru galdu zela kalkulatu izan da. Egungoak txikikeria hutsa dirudi horren aldean. Eta hala da. Arazoa da, garai hartan kataklismoaren eragilea klima izan zela eta oreka egoerara itzultzean denbora biologikoa nahikoa luzea izan zela berriz ere espeziazioa gertatu eta munduko lurralde guztiak kolonizatzeko. Lurreko izakiak bestelakoak ziren bai, baina hasieran bezain beste espezie zegoen. Orain lurrak beste dinamika bat darama. Gu gara iraungipenaren eragile, eta ez dago atzera bueltarik.
Noeren arkaren antzera, egun badaude landare espezie eta barietateen haziak gordetzen dituzten hazi banku erraldoiak. Garai batean izan genuen aberastasunaren erakusgarri hutsa izatearen beldur naiz. Landare horien jatorrizko ekosistema ezabatuz gero, non txertatuko baituzu hazi hori?
Hara hor bioaniztasuna babesteko bidean aurkitzen dugun beste arazoetariko bat; zer babestu behar ditugu, ekosistemak hala espezieak? Nire iritziz ekosistemak babestu behar dira. Tokian tokiko ekosistemetan badira garrantzia gehiago duten espezieak, eta horiek babesten ahalegin extra bat egin beharra dago. Baina funtsean ekosistemak babestea da itua, espezieak lekuz kanpo aurki ez daitezen.
Besterik gabe, espero dut egunen batean gure ondorengoei behinola belarra jaten zuten hartz txuri-beltzak bazirela azaldu behar ez izatea, edota elurra bezain txuri ziren hartzak bazirela, edota, azken batean, hartzak bazirela.
Lander Iztueta
Guztiz ados
ResponderEliminar