GAZTE EKOLIDERRAK proiektuaren helburu nagusia Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea da. Proiektu hau Kutxak garapen jasangarriaren alde eta gazte lidergoaren alde egiten duen apustuaren ondorioetako bat da. Trebakuntza eskaintzan esparru anitzetako unibertsitateko irakasleak, erakundeetako ordezkariak, profesionalak, elkarteak, adituak, aktibistak, mendizaleak eta bestelakoek parte hartzen dute, garapen jasangarria eta lidergoa ikuspuntu ezberdinetatik landu ahal izateko.

28 mar 2011

ITSAS GARBIKETA ETA PERFORMANCEA (Maitane Alvarez)

Gaur egun ezinezkoa da ozeanoa garbitzea, beraz irtenbiderik hoberena hondakinen ekoizpena jatorrian murriztea izan daiteke, baina nola lortzen da hori? Lehenik eta behin, banakako eta talde edo erakundeen jarrera arduratsuan lan egin behar da eta horretarako ezinbestekoa da jendea kontzientziatzea. Azken hau izan zen hain zuzen ere ekoliderrok, martxoaren 26an, larunbata, aurrera eraman zituzten ekintzen helburu nagusia. Azken urteotan bezala aurten ere itsas zabala lege gabeko gune bilaka ez dadin, berotegi efektu nahiz itsasoko legez kanpokoen kontra borrokatzen duen Surfrider Foundation elkarteak, itsas ertzeetako hondakinak murriztearen aldeko Itsas ekimenak izena hartzen duen ekitaldia antolatu du. Ekoliderrok eta Igeldoko gazte talde batek ez dugu ekitaldi horretan parte hartzeko aukera galdu nahi izan eta martxoaren 26an, Igeldoko Agiti eta Leska senaiak garbitzeko konpromezua hartu genuen. Ekintza goizeko 10etan elkartu eta hondartzarainoko ibilbidearekin hasi genuen eta ondoren garbiketa 11etatik eguerdiko 14etararte. Hiru ordutan bakarrik, Gipuzkoa nahiz Bizkaiako 32 gazteren artean 14 metro kubiko zabor jaso genituen.


Arratsaldean, ekintza ahaztu ez zedin eta ureko hondakinen aurrean jendea sentsibilizatzeko, goizean garbiketan parte hartu genuen Ekoliderrok eta gure lagunek Performance bat antolatu genuen Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko sarrera parean. Antzerkiaren xedea jendeari itsasoan dauden hondakin kantitate handien berri eman eta sentsibilizazio bat lortzea zen. Helburua lortzeko jendearen arreta piztuko zuen zerbait egin behar zen eta zaborrez beteriko hondartza bat irudikatzea pentsatu genuen, eta egin. Lehenengo, hondartzako traste guztiak (aulkiak, toailak, palak, itzalkina, etb.) Artzain onaren plazan kokatu eta arroparen gainetik bainujantzi nahiz pareoak jantzita, musika piztu eta udako abesti ezagunenekin dantzan aritu ginen. Aitaren batean hantxe genden denak hondartza egun polit batez gozatzen. Bapatean, zaborrez beteriko FCC-ko kamioia iritxi zen eta plost! Hondakin eta hondakinen usai atseginez inguratuta geratu ginen. Arratsaldeko 6etatik eta ordu betez, zaborrarekin jolasean ibili ginen jendeak arreta eta kuriositatez begiratzen zuen bitartean. Ziur nago arratsalde horretan Donostiako zonalde ezagun horretatik igaro ziren guztiek, eta ez ziren gutxi izan, pentsatu zuten lehendabiziko gauza zabor horren tartean egon behar ez izatea izan zela. Hausnarketa hori egitera iritsi baziren seguru aurrerantzean zaborra botatzean, nora botatzen duten kontu handiagoan izango dutela, edo hori espero dugu.

Beraz, nola edo hala, hasieran ezarritako helburua betetzat ematen dugu!

Eta eskerrik asko gurekin batera parte hartu zenutenoi!

1 comentario:

  1. Aupa eko-talde!
    Zelako ona izan zan zapatuko mobida dana!

    Horrelak ogauzak itten jarraittuz gero hurrun helduko ga!

    ResponderEliminar