GAZTE EKOLIDERRAK proiektuaren helburu nagusia Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea da. Proiektu hau Kutxak garapen jasangarriaren alde eta gazte lidergoaren alde egiten duen apustuaren ondorioetako bat da. Trebakuntza eskaintzan esparru anitzetako unibertsitateko irakasleak, erakundeetako ordezkariak, profesionalak, elkarteak, adituak, aktibistak, mendizaleak eta bestelakoek parte hartzen dute, garapen jasangarria eta lidergoa ikuspuntu ezberdinetatik landu ahal izateko.

12 abr 2011

Ekofeminismoa: Bi mugimendu sozial harremanetan jartzen dituen gorputza (Jone Ugarte)


Azken aldian nire buruan bueltaka dabilen hitza da ekofeminismoa. Hainbat artikulu eta elkarrizketa irakurri ditut gaiaren inguruan baina oraindik ez daukat oso garbi zer den eta zerbait idazten hasten naizen bakoitzean utzi egiten dut, erantzunik eman ezin diedan galdera berriak etortzen bait zaizkit burura. Gauza bat argi gelditu zait: ez dago ekofeminismo bakarra, garapen iraunkorrean dagoen ideologia bat da eta korronte ezberdinak ditu. Egun, bi korronte nagusi bereizten dira: alde batetik, esentzialista eta espiritualistak ditugu. Emakumearen eta naturaren arteko enpatia biologikoan oinarritzen dira eta emakumeek natura ulertzeko modu berezi bat daukagula diote. Bestetik, konstruktibistak egongo lirateke. Korronte honetan kokatzen direnek ez dute natura eta emakumearen arteko lotura termino espiritualistetan kokatzen. Hauek emakumeak historian zehar etxeko ekonomiarekin izan duen harremanean oinarritzen dira emakume-natura harremana azaltzeko. V. Shiva, Carolyn Merchant, B. Agarwal, Barbara McLintocketik, Reachel Carson, Barbara Holland Crunz… esentzialista, espiritualista zein konstruktibista, guztiak dira ekofeministak eta azken finean helburu berdinarekin ari dira lanean: garapen txarrak emakumeen eta naturaren kontra eraiki dituen estrukturak askatzen. Ekintza ekofeministen artean Chipko (India iparraldea) emakumeen kasua aipatzen da. Hauek zuhaitzak besarkatuz Himalayako oihan guztiak galtzea eragotzi zuten. Beste adibide batzuk Pachimadako (India) emakumeen kasua, Ingalaterrako Greenham Common edo eta Estatu Batuetako Love Canal izango lirateke. Uraren erabilera eskubidea aldarrikatu zuten lehenengoek, misil baseen ixtea lortu zuten bigarrenek eta kutsadura kimikoaren aurka agertu ziren azkenak. Baina…ez al da hobe emakumeek eta gizonek bata bestearen alboan jardutea? Ba al dauka zentzua berdintasunaren izenean desberdinketa bat egiteak? Benetan al dauka emakumeak naturarekiko enpatia biologiko bat? Praktikan zein da ekofeministen lana? Berdina al da ekofeministen borroka hegoaldeko herrietan eta gurean? Ekomatxismoa existitzen al da? Nola aplikatu dezakegu ekofeminismoa eguneroko bizitzan? Galdera asko eta momentuz erantzunikk ez. Ea norbait animatzen den!

Jone Ugarte

Bukatzeko poema bat:

Aihenbelarra belarrietatik irteten zait ari,

Neure begiek pisilo mugikorretan

ari dira bihurtzen eta

ahoa lore moratuez

bete zait jada.

Nire sustraiek oztopatzen dute logela,

gauza guztiekin nahasten naiz.

Neure hankek zorua

apurtzen hasia dute.

Nahastu nahian…

Nire ahoa jada lore morez beteta

gatzagi da nire gorputza.

Eta aihenbelar nago.

Arantzadun.

Bakartasunean.

Natura bihurtuta…

Metamorfosia ( Belli, G., 1992)

No hay comentarios:

Publicar un comentario