![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEg-oQ-4erZEke9MKy3wXHwwGD-WYjjMz-Y_OlpNaQt3oIJAT1Za5x6XHKAVYiUHi1vA2G77Zx0_Y0JqUbDOYYsrs_SGsWaLa9P5XX6p12BI-HYPcoOiUTVSHZYeBmHcfgoRP3Pf4l_ZuXE/s200/Sheila+Padrones.jpg)
Aitor parkera iritsi bezain laster beste ume guztiak han dagoen txabolatxotik korrika jaitsi dira. Bat izan ezik. Nor da? Zer ari da hor goian? Nola liteke? Asierrek ezin du sinetsi. Mehatxu begirada botaz hurbiltzen zaio, haserre.
-Aizu! Alde hemendik! Hori nire lekua da-eta!-dio.
-Baina ni lehenago iritsi naiz... Hemen nengoen…-erantzun dio umeak, lasaitasunez.
-Baina zu hemen zauden lehenengo aldia da!
-Baina gaur zu baino lehenago iritsi naiz! Gainera zu baino zaharrago naiz!
-Zergatik ez dugu denok batera jolasten?- ausartu da galdetzera Miren lotsatia.
-Zaude isilik! Inork ez dizu ezer galdetu!- oihukatu dio Asierrek berehala.
Miren gaixoak atzera egiten du, neba txikia atzean ezkutatuta duelarik. Halako erantzunei ohituta dago eta badaki, eskarmentuz, hobe dela isilik egotea Aitorren aurrean. Honek etenaldia aprobetxatu du txabolara igotzeko eta inork ikusi gabe bestea bultzatu du. Hau, ordea, ez da geldirik geratuko eta ostiko bat emango dio.
Horrela hasi eta jarraituko da borroka, beste umeek bereari ekiten dioten bitartean. Bata kolumpiora igo da; beste bat txirristan dago jada, ez entzunarena eginez. Bizpahiru ume berriaren ausardia miresten hasi dira eta, honi adore emanez, borroka nola bukatuko den zain daude. Hala ere, inor ez da ausartu borrokan sartzera. Aspaldi ikasi zuten Aitorrekin borrokatzea galtzaile ateratzearen sinonimo dela.
Derrepente heldu bat agertzen da. Honen aurka ez dagoela zer egiterik badakite biek. Xabiren ama da. Bere semea ez dela dirudien bezain lasaia jakinda lepotik heltzen dio; borroka bere erruz sortu izan balitz bezala. Xabier, bere partez, kexatzen da; bere burua defendatzearren egin duela borroka baitaki. Amak, berriz, egundokoak botatzen ari zaizkio.
Xabi astebete egongo da zigortuta, borroka berriz egiteagatik. Aitor haserre geldituko da, oraingo honetan ez baitu bere boterearen berri emateko aukerarik izan eta. Miren bere neba gehiago babestuko du hemendik aurrera. Eta harik eta helduak izan arte, bietako inork ez dio Aitorri aurre egingo. Bestalde, Xabi animatu duten guztiak beldur egongo dira denboraldi batean, honek begitan hartu baititu. Jolasean aritu direnek, ordea, jolasean jarraituko dute; baina inoiz ez dira txabolaren gainaldera igoko.
Egoera honen aurrean, erruduna zein izan den galdetuko genioke geure buruari. Eta Aitorren errua dela bistan dagoela esango genuke. Baina, zergatik ez eman buelta asuntoari? Agian arrazoia zeinek duen ikertu beharko genuke. Ekin diezaiogun, ba, lan honi bakoitzaren egoera banaka aztertuz.
Ama, heldua denez, berak esaten duena egin behar delakoan dago; umeek ez baitakite, haren iritziz, arazo hauek bere kabuz konpontzen. Ikusi dugunez, zaharragoa izatearena ondo ikasi du Xabierrek. Hala ere, antzeman dezakegu aitzaki horrek ez duela balio handirik indarra erabiltzen duenaren aurrean. Baina, zergatik erabili ohi du indarra Aitorrek? Agian, orain arte gauzak horrela lortu ahal izan duelako. Horrela izan da, behintzat, parkeko umeekin edota etxean, bere arrebatxoarekin. Baita kasu asko egiten ez dioten gurasoekin ere. Miren, bere partez, bere esku dagoen guztia egiten saiatzen da, baina bere burua eta bere nebarena arriskuan jarri gabe.
Eta beste guztiak? Xabi animatu dutenek beraien gogoak Xabierren ausardian islatu dituzte, lidertzat hartuz guztien arazoak konpontzen saiatu dena. Ez entzunarena egin direnek, aldiz, ez dute inoiz istilurik edukiko. Baina ezta aukerarik ere. Bere arrazoia beraiekin ez doazen gauzetan ez sartzean datza.
Bakoitzaren arrazoiak aztertuz gero, oraindik pentsatzen dugu Aitorren kulpa dela? Beharbada ez da errudun bakarra izango…